XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irratiak aidean

Irrati handiekin hasiko gara.

Egitura zabala duten horiekin, sarea Estadu osora hedaturik dutenekin.

Kateak dira, badakizue, eta ezin hitz aproposagoa da katearena Euskal Herrian kokaturik egon arren Madrilen menpe dauden irratien errealitatera hurbiltzeko.

Katean kateiatuago daude irrati hauek.

Aurreko urtetan hasitako joera finkatu egin baita.

Irrati komertzialek zentralizaziorako bidea aukeratu dute.

Beren diru iturria publizitatea izanik, pastela banatzeko orduan ordurarte baino mahaikide gehiago agertu dira.

Honek hortzak zorroztera eraman ditu, eta hara non, guztiek estrategia bera aukeratu dute.

Izen sonatuak fitxatu eta hoiei eman audientzia gehien duten orduak saio omnibusak egin ditzaten.

SER eta COPE kateez ari gara batipat.

Radio Nazionalak ezina bait zuen bere erabateko zentralizazioa areagotzea.

Mehatxuan, publizitatearen pastela jan nahiean zetorren jale berria Antena-3 zen.

Pentsa nolako arriskua gure artean.

Komunitate autonomoan, Jaurlaritzarekin duen auzia argitu arte bederen, presentziarik ez duen irratia.

Eta Nafarroan, Diario de Navarrako adiskideen bitartez, martxan jarri den arren, marginal samartzat jo daitekeena, lortu duen entzulegoaren arauera.

Baina erabakiak Madrilen hartzen dira eta han kezkaturik zeuden.

Beraz, botere guztia zentralari eman beharra sentitu zuten guztiek eta horrela joka.

Aitzakia ala egia, Irrati komertzialetan benetako Loapa bat somatu da.

Ideologiaren isuri etengabeak alde batera utzirik, orduen okupazioari begiratuz bakarrik, emisora lokalak marginatzeko joera nabarmendu da.

Mamut handien izenak izan dira horretarako tresna (irakur Del Olmo, Gabilondo eta abar).

Eta oker aukeratu zuten.

Autonomia eta antzeko hitzak txorakeriatzat hartzen dituzte Madrilen, kontuan hartu gabe hemen herri bat badagoela, Madrilen uste duten ez bezalakoa, eta honek irratia entzuteko moldean ere badu isladapena.

Inguruko kontuak entzun nahi ditu irrati-entzuleak, esparrua bere herria du.

Horregatik ikusi da entzulegoak uko egin diola Madriletik iristen zaizkion kontuei.

Radio Cadena izan da entzulegoa bereganatzen jakin duena.

Estrategian erraturik zebilela ikusi du SER kateak, eta 85-86rako programazioa prestatzerakoan sekula ahantzi behar ez zuena gogoratu zaio: irratien indarra hurbiltasunean dagoela.

Bertakoek bertakoentzako hitzegiteak ematen diola boterea.

Honela, goizetako ordutan, entzulegorik ugarien duten ordutan, irrati lokalek beren etxeko saioak egin ditzakete.

Gatazka hauetan, jakitekoa da irrati batzuk eta bestek erakutsi duten portaera.

Bistan da COPEkoek, Gipuzkoakoek batipat, erresistentzia egin diotela Madrileko dena jan beharrari.

Ez horrela Iruñeakoak.

Gusto handiz saldu du, hitzaren esanahi osoan (jabetza ere saldu baitu), bere irratia.

Alderantzizkoa gertatu da berriz SER-ekotan.

Iruñeakoak ez du batere gogo onez hartu zentralizatze hori, eta dinamikoago agertu da (nere subjetibitateak galtzen ez banau) Donostia eta Bilboko bere lehengusuak baino.

Pasadan bada ere, aipamen bat irrati hauen FMei.

Ez da kasu honetan uhinak aidera ateratzeko baliatzen den teknika era bakarrik, irratia egiteko kontzeptzioa baizik FM hauek musika edo dena delakoa egozteko bitartekoak dira, alegia disketxeek produzitzen dutenaz entzuleak betetzeko, asetzeko, gogaitzeko.

Esan beharrik ez dago finkatu egin dela Irrati-formula deitua.

Gutxieneko kosteak gaizki pagaturiko discjokeia eta diskaetxeek jartzen dute gainontzekoa, irabazi handienak.

Agian, mundua nola dabilen neurria hartzeko modu bat da FM hauek bizi duten arrakasta ezagutzea.

Irrati horietan euskararen presentziarik ba al da? Tokian tokiko entzuleek erantzun beharko lukete.

Guztien berri ezin ukan batek, eta ezer aukeratzekotan, Euskal Herriko hiriburua hautatu behar.

Hiriburu zaharra, bai.

Iruñean lehen aldiz oroitu dira Instituzioak hizkuntza bat badela hor nonbait eta diru moltsa batzuk prestatu dituzte.

Kontu zaharrak direla hauek irudituko zaie probintzietan bizi direnei, baina 1985 arte Nafarroako Diputazioa ez da auzi honetaz arduratu.

Bi miloi jarri ditu emisora bakoitzeko irrati libreak alde batera utzirik eta hor presentatu dira programaziorako proposamenduak.

Zehaztapen xehetan sartu gabe, esan liteke ez zirela irrati guztiak aurkeztu, batzuren proposamenek ez zutela bi miloi merezi (zenbaitetan laurdena ere ez) eta azken batez, urrats berria dela isildu gabe, ezer gutxitan nabaritu dela: arau jenerala izan da ordu marjinalak aukeratzea euskaraz eginiko saioentzat horren eredu larunbat bazkalondoren egiten dena beste zenbaitetan konpetentziako irratiek saioak dituzten ordu berberak aukeratu dituzte, eta bada ere, miloi pare horien laguntza jasoarren, euskararen presentzia apenas ugaritu duenik.

Euskaraz egiten diren saio gehienek badute zerbait elkarrekiko: kultura dute gaia.

Kasuren batetan folklorea.

Gutxitan dira ordea aktualitateko ezeren eramale.

Oraindik ere euskara edukin gisa harturik dago, komunikagailu dela kontutan hartu gabe.

Iruñean, Donostian egiten den Eusko Irratia entzun daiteke.

Ez al zen garaia?.

Promozio beharra du ordea, eta oraingo egoera oso legezkoa ez dela ematen duenez, hor dago adituentzako.

Irrati libreak ere badira.

Jakina badirela.

Beren kasa ari dira, batzuk udaldian estudianteek baino opor luzeagoak hartzen badituzte ere.

Sektore jakin batzuren premiak betetzen dituzte.

Marjinalitate bokazioa ez dute galdu.

Zenbait saio euskaraz egiten dituzte.

Ez al dago hizkuntza errealitatetik nahikoa bazterturik apropos marjinal den medio batean sartzeko?.

Eta medio marjinal horietan ere, berriz bazterrean egoteko?.

Dena dela, eta jakinik ezer berri ez dela, ezaugarri aparteko bat dute Nafarroako irratiek: Gainontzeko euskal Herrialdeekiko aislamendua.

Nafarroan, hemen sorturiko albisteak baizik ez dira ematen.

Beste aldeetakoak Madrileko galbahetik paseak iristen dira.

Bestela eman badezake ere, ez dago saio bakar bat Euskal Herriko irrati-sare guztian zabaltzen denik